2008/05/22
Aurkezpena
Euzko Alderdi Jeltzaleak, gogoeta honekin, etorkizuna ikuspegi zabaletik aztertu nahi duela adierazi nahi dizuegu, horizontea begiratu nahi duela, euskal gizarteari eguneroko mugen gainetik goi-mailako proiektu bat eskaini.
Zer da Euskadi 2020? Hasteko, konpromiso publiko bati emandako erantzuna da. Hauteskundeak gizarteari entzuteko modu bat dira. Entzun diogu eta Euskadi 2020 txip aldaketa da, EAJren txip aldaketa. Gure helburua betikoa da: Euskadirentzat ahalik eta ongizate eta garapen mailarik handiena lortzea. Helburua berbera da, baina agertokia aldatu da. Orain, agertokia globala da eta, guk, globalizazioa onuragarri bihurtuko dugu, etorkizuna globala baita.
EAJren oinarria Europa da. 1977an, lehenak izan ginen Europan kokatzearen garrantziaz hitz egiten.
Gure «Euskadi-Europa» Agirre lehendakariaren belaunalditik dator eta EAJ ideia honen aitzindari bihurtu zuen: Euskadiren etorkizuna Europaren esparruan azaltzen da.
Europa gure erreferentziazko eredua izan zen. Gaur, Euskadi kontinenteko gizarte aurreratuenen pare dago. Eta, etorkizunean, hazten jarraitu nahi dugu.
Orain, beste urrats bat egitea dagokigu. Gure enpresak, gure profesionalak, gure unibertsitateak, futbolariak, artistak, ikasleak... dagoeneko ari dira urrats hori ematen. Agertoki globalean daude guztiak.
Gaur, gure erronka agertoki global horretan kokatzea da eta, horregatik, abenduan Euskadi 2020 proposamena onartu genuen; hau da, «gure herria ordena globalizatuan hobeto kokatzeko berehalako eta epe motzeko konpromiso eta jarduera katalogoa».
Erronka horrek mundu global eta ezberdin baten aurrean jartzen gaitu. Mugarik gabeko mundu batean.
Segundoz segundo aldatzen den mundu batean.
Eta Euskadik mundu horretan zein leku bete behar duen pentsatzera behartzen gaitu.
Erronka horri, ekintzarako gogoeta prozesu horri, Think Gaur Euskadi 2020 deitu diogu; hots, «elkarrekin aztertuko dugu gaur, eszenategi globalean, euskal gizarteari 2020rako zer proposamen egingo dizkiogun».
EAJk konpromiso hori hartuko du euskal gizartearekiko. Gogoeta egitea,modu irekian eta taldean, munduan ospe handia duten adituen laguntzaz, Euskadi 2020an zein lekutan kokatu nahi dugun jakiteko.
Gizarte irekien lehentasunak diren bost alor handitan ari gara lanean:
* Iraunkortasuna (Arantza Tapia da arduraduna)
* Gizarte politikak (Juan Mari Aburtok koordinatua)
* Kultura (Imanol Pradales izango da arduraduna)
* Berrikuntza (Estibalitz Hernaezek koordinatua)
* Euskadi-Europa Horizonte Konstituzionala (Javier Baltza izango da arduraduna)
Ekainaren 14an, BECen, etorkizun berria hasiko da guretzat. Etorkizun berria, gure proposamenen oinarria eszenategi globala izango baita. Berritzaileak izango dira, eta ez dira Euskadin soilik eraikiko. Proposamen zehatzak edukiko ditugu, eskarmentu handiko protagonistekin egiaztatutakoak. Gainera, handinahiak izango dira, nazioartean arrakasta duten erreferenteetan oinarrituta egongo direlako. Euskadik gizarte aurreratuenen pare jarraitzea lortuko dugu.